Entrevista Miguel Altuna Lanbide Heziketa

Miguel Altuna Lanbide Heziketa (Bergara)

Alaitz Kristobal, mekatronikako irakaslea . Bergara

1. Zertan datza proiektua eta zein da zure parte-hartzea?

ENGENDERING STEM Eskozia, Holanda eta Espainiako bazkideekin lankidetzan aritzeko proiektu bat da, 2017 eta 2019 artean garatu dena. Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikaren (Stem) sektoreetan jarduten duten erakundeetan genero-berdintasuna hobetzeko esku-hartze estrategia eraginkorrak identifikatzea du helburu.

Guri Teknikaren bidez parte hartzeko gonbidapena iritsi zitzaigun, eta, azkenean, ni hautatu ninduten STEM prestakuntza zuen emakumea naizelako, industria-sektorean ibilbide profesionala egin dudalako eta ingelesa menderatzen dudalako, eta, gainera, interes pertsonala daukadalako generoarekin lotutako gaietan.

Egin genuen lana enpresa asko elkarrizketatzea izan zen, emakumeak STEM inguruko enpresetara iristea zailtzen duten oztopoak identifikatzeko eta lantokian berdintasuna eta aniztasuna txertatu duten ETEen eta ez dutenen artean bereizten dituzten faktoreak identifikatzeko.

2. Nola txertatzen da genero-ikuspegia proiektuan?

Genero-ikuspegia da proiektuaren funtsezko elementua, haren helburua ezartzen baita: STEM jardueren barruan emakumeen parte-hartzea handitzeko eta sektore horretan dagoen enplegu-arrakala murrizteko estrategiak identifikatzea.

3. Zer alderdi berritzaile nabarmenduko zenituzke?

Enpresa txikien inplikazioa, ez baitaude hain ohituta gai horiek lantzera (baliabide-faltagatik, oro har).

4. Zer baliabide proposatzen ditu proiektuak, eta zein da haren eragina (ezagutzen baduzu): aplikatzen diren prestakuntza-zentroetan, inplikatutako ikasleengan…?

Proiektuak tresna-kit bat jartzen du ETEen eskura, beren jardueran genero-ikuspegia hobeto txertatzeko. Tresna horiek honako hauek dira:

STEM sektorean lan egiten duten enplegatzaile txiki eta ertainei zuzendutako autoebaluazioko galdetegi sakona, laneratzeari buruzkoa. Tresna hori erabil daiteke ebaluatzeko zenbateraino hartzen dituen erakundeak lan-praktika inklusiboak, eta gida praktiko bat ematen du kultura inklusiboak sortzeko eta emakume gehiago elkartzeko eta negozioan jarraitzeko animatzeko.

STEM sektorean lan egiten duten profesionalentzako doako online prestakuntza-programa. Ikastaro honek ebidentzian eta kasu praktikoetan oinarritutako irtenbideak eskaintzen ditu, ikaskuntza errazteko eta erakundea genero-berdintasunaren ildoan eraldatzeko erreferentziatzat har daitezkeenak.

Jardunbide egokien gida, enpresa txiki eta ertainak Europa osoan STEM sisteman oinarrituta egiten ari diren kasuak biltzen dituena, lantokiko inklusioa hobetzeko.

Proiektuan ebaluazio bat egin zen irismena ezagutzeko, eta balantzea oso positiboa izan zen.

5.Ezagutzen dituzun beste zein baliabide daude, aplikatzen ari direnak edo interesgarriak izan daitezkeenak ikasleak 4.0/Steam ikasketetara bideratzeko, batez ere emakumeen kasuan?

Miguel Altuna hainbat esperientzia egiten ari da ildo horretan. Alde batetik, Escape Room Teknologikoaren bigarren edizioa egin berri dugu, aurten Bergarako Udalak bultzatutako Zientzia, teknologia eta berrikuntza programaren barruan. Esperientzia hori iaz sortu zen, ikasleekin gogoeta egin ondoren. Hausnarketa horretan, diskurtsoa aldatu beharra ikusi zen, neska gehiago STEAM ikasketetara edo ikasketa zientifiko-teknikoetara hurbil zitezen. Horrela, 5 ordutako irakasgai batean 2 eskola-ordu emanez, ikasleak berak hasi ziren jarduera hori diseinatzen, eta, gainera, zeharka balio izan die proiektu bat garatzen ikasteko, plangintzatik hasi eta inplementatu eta ebaluatu arte, eta sormena eta motibazioa bezalako gaitasunak lantzeko. Esperientziak teknologia desberdinekin lotutako jolasak biltzen ditu (mekatronika, elektronika, hidraulika), gure ikastetxeko ikasleek tutorizatzen dituztenak. Helburua da ikasgai horiek ikasle gazteei hurbiltzea, bereziki neskei, modu ludikoan, beren hezkuntza-“radar”-ean sar ditzaten.

Iaz eskualdeko ikastetxeetako 10 eta 14 urte bitarteko hainbat ikaslek hartu zuten parte eskola-orduetan, eta feedbacka oso positiboa izan zen; bideo bat grabatu genuen iritzi guztiekin. Gainera, Laneko Prestakuntza eta Orientabidea irakasgaian (LPO), esperientzia hautatu zen estatu mailako foro batean jardunbide egoki gisa aurkezteko. Aurten, ordea, Coviden krisiak partaidetza birplanteatzera behartu gaitu, borondatezkoa izan baita (aldez aurretik izena emanda) eta talde txikiagoetan, eskola-orduetatik kanpo. Hala ere, ikasturtean zehar saio gehiago egitea aurreikusten da.

Azkenik, planteatu dugun baina Covid delakoaren ondorioz oraingoz “lugorri” utzi behar izan dugun beste jarduera bat da neskatoek enpresa batean egun bat igarotzea nola lan egiten den, zer gauza egiten diren eta abar ikus dezaten. Jarduera hori Holandako esperientzia batean inspiratuta dago, eta, horretarako, eskualdeko ingeniaritza-enpresa baten laguntza dugu; asmoa eskualdeko ikastetxeen parte-hartzea bilatzea da.

Eskerrik asko Alaitz