Big Data

datuen analitika edo datuen zientzia (data science, smart data, small data)

Zer da

Datu asko modu adimentsuan aztertu, administratu eta manipulatzen ditu azalpen-, aurreikuspen- eta optimizazio ereduen bidez. Helburua erabaki onak eta eraginkorrak hartzea da. Matematikak, estatistika eta konputazio zientziak hartzen ditu oinarritzat, 7 aldagai neurtuz:

  1. Bolumena: prozesatzeko eta ekintza bihurtzeko helburuarekin sortzen eta biltegiratzen diren datuen kopurua
  2. Abiadura: datuak denbora errealean sortu, biltegiratu eta prozesatzeko azkartasuna
  3. Aniztasuna: datuak erregistratzeko moduak, motak eta iturriak: testu-dokumentuak, mezu elektronikoak, audioak, bideoak edo gailu mugikor batean dauden irudiak, sare sozialetako profilak…
  4. Benetakotasuna: datuen kalitatea da, hau da, jasotako informazioaren fidagarritasun-maila
  5. Bideragarritasuna: Konpainiek darabilten datu-bolumen eskerga eraginkortasunez erabiltzeko duten gaitasuna
  6. Bisualizazioa: datuak erakusteko era, ikertu beharreko gaian, gako ezkutuak eta patroiak aurkitzeko
  7. Balioa. datuak informazio bihurtzen dira, informazioa ezagutza bilakatzen da eta hau, aldi berean, ekintza edo erabaki bihurtu

Zertarako balio du

  • Produktuen garapena: produktu eta zerbitzu berrietarako eredu iragarleak sortzen ditu, aurreragoko eta egungo produktuen funtsezko alderdiak sailkatuz, erabiltzaileen eskaria aurreikusteko
  • Bezeroaren esperientzia: web-orriko bisitei, sare sozialei, deien erregistroei eta beste datu-jatorri batzuei buruzko informazioa biltzen du, interakzio-esperientzia hobetu eta eskaintzen den balioa optimizatzeko
  • Iruzurra eta adostasuna: iruzurra eragin dezaketen datu-ereduak identifikatzen laguntzen du, eta, aldi berean, datu-bolumen handiak biltzen ditu, arau-txostenen sorrera bizkortzeko
  • Berrikuntzaren bultzatzea: enpresen berrikuntzan lagun dezake, erakundeen, prozesuen, eta gizakien arteko interdependentzien azterketari esker, eta baita ere, informazio hori erabiltzeko modu berriak zehaztuz: finantza-erabakiak eta plangintza-ereduak hobetzea, prezio dinamikoak ezartzea, zerbitzu eta produktu berriak garatzeko joerak aztertzea, etab.

Erabilgarria den sektoreen adibideak

  • Marketina eta salmentak: datuak, bezeroak eta beraien portaera eta lehentasunak hobeto ulertzeko erabiltzen dira, iragarpen-ereduak sortuz (hobeto salduko diren produktuak aurreikusteko, hauteskundeetako emaitzak aurreikusteko…).
  • Retail edo txikizkako merkataritza: sare sozialetan, web bilaketa joeretan edota aurreikuspen meteorologikoetako datuak erabiltzen dituzten iragarpenetan oinarritutako stockaren optimizazioa; bezeriaren une-oroko monitorizazioa; profilak eta segmentazioa; erosketa-orgen azterketa; inbentarioen kudeaketa…
  • Garraioa, banaketa eta logistika: hornidura-katearen eta banaketa-ibilbideen optimizatzea, kokapen geografikoa, trafiko-datuen une-oroko integrazioa eta irrati bidezko identifikazio-sentsoreak baliatuz, salgaien eta banaketa-ibilgailuen jarraipena egiteko
  • Osasuna: material genetikoa kodetzea, gure genotipoarentzat egokienak diren dieta edo elikagaiak identifikatzeko, edo gaixotasun kronikoak eragin ditzaketen gene jakin batzuk nola edo zergatik aktibatzen diren jakiteko; tratamendu berriak aurkitzea eta gaixotasunak, hauen sorburuak eta hedapen-ereduak hobeto ulertzea; gaixotasunen epidemien eta agerraldien bilakaera kontrolatzea eta iragartzea
  • Kirola: kirolari irabazleen estilo eta ereduen zehaztapena, kirol errendimendua hobetzeko; kirolarien jarraipena lehiaketaz kanpo, nutrizioa, prestakuntza fisikoa, loa, edota sare sozialetako hartu-emanak gailu adimendunen bitartez monitorizatuz, bere ongizate emozionala kontrolatzeko
  • Sektore publikoa: hobekuntzak errendimenduan eta zerbitzuetan; ahulezien, iruzurraren eta funts publikoen bidegabeko erabileraren detekzio automatikoa; datu-filtrazioen detekzioa; jarduera kriminalen eta ereduen detekzioa; azpiegituren errendimendua; herritarren kexa eta kezken aurreikuspena
  • Finantza zerbitzuak: balioen salerosketarako erabaki-hartzeetan zehaztasunen areagotzea eta arriskuen gutxitzea; aukeren aurreikuspena; iruzurraren detekzioa…

Video: https://www.youtube.com/watch?v=Rx5JmqnsGy8&feature=emb_logo

(iturria: podcast Industria 4.0)