datuen analitika edo datuen zientzia (data science, smart data, small data)
Zer da
Datu asko modu adimentsuan aztertu, administratu eta manipulatzen ditu azalpen-, aurreikuspen- eta optimizazio ereduen bidez. Helburua erabaki onak eta eraginkorrak hartzea da. Matematikak, estatistika eta konputazio zientziak hartzen ditu oinarritzat, 7 aldagai neurtuz:
- Bolumena: prozesatzeko eta ekintza bihurtzeko helburuarekin sortzen eta biltegiratzen diren datuen kopurua
- Abiadura: datuak denbora errealean sortu, biltegiratu eta prozesatzeko azkartasuna
- Aniztasuna: datuak erregistratzeko moduak, motak eta iturriak: testu-dokumentuak, mezu elektronikoak, audioak, bideoak edo gailu mugikor batean dauden irudiak, sare sozialetako profilak…
- Benetakotasuna: datuen kalitatea da, hau da, jasotako informazioaren fidagarritasun-maila
- Bideragarritasuna: Konpainiek darabilten datu-bolumen eskerga eraginkortasunez erabiltzeko duten gaitasuna
- Bisualizazioa: datuak erakusteko era, ikertu beharreko gaian, gako ezkutuak eta patroiak aurkitzeko
- Balioa. datuak informazio bihurtzen dira, informazioa ezagutza bilakatzen da eta hau, aldi berean, ekintza edo erabaki bihurtu
Zertarako balio du
- Produktuen garapena: produktu eta zerbitzu berrietarako eredu iragarleak sortzen ditu, aurreragoko eta egungo produktuen funtsezko alderdiak sailkatuz, erabiltzaileen eskaria aurreikusteko
- Bezeroaren esperientzia: web-orriko bisitei, sare sozialei, deien erregistroei eta beste datu-jatorri batzuei buruzko informazioa biltzen du, interakzio-esperientzia hobetu eta eskaintzen den balioa optimizatzeko
- Iruzurra eta adostasuna: iruzurra eragin dezaketen datu-ereduak identifikatzen laguntzen du, eta, aldi berean, datu-bolumen handiak biltzen ditu, arau-txostenen sorrera bizkortzeko
- Berrikuntzaren bultzatzea: enpresen berrikuntzan lagun dezake, erakundeen, prozesuen, eta gizakien arteko interdependentzien azterketari esker, eta baita ere, informazio hori erabiltzeko modu berriak zehaztuz: finantza-erabakiak eta plangintza-ereduak hobetzea, prezio dinamikoak ezartzea, zerbitzu eta produktu berriak garatzeko joerak aztertzea, etab.
Erabilgarria den sektoreen adibideak
- Marketina eta salmentak: datuak, bezeroak eta beraien portaera eta lehentasunak hobeto ulertzeko erabiltzen dira, iragarpen-ereduak sortuz (hobeto salduko diren produktuak aurreikusteko, hauteskundeetako emaitzak aurreikusteko…).
- Retail edo txikizkako merkataritza: sare sozialetan, web bilaketa joeretan edota aurreikuspen meteorologikoetako datuak erabiltzen dituzten iragarpenetan oinarritutako stockaren optimizazioa; bezeriaren une-oroko monitorizazioa; profilak eta segmentazioa; erosketa-orgen azterketa; inbentarioen kudeaketa…
- Garraioa, banaketa eta logistika: hornidura-katearen eta banaketa-ibilbideen optimizatzea, kokapen geografikoa, trafiko-datuen une-oroko integrazioa eta irrati bidezko identifikazio-sentsoreak baliatuz, salgaien eta banaketa-ibilgailuen jarraipena egiteko
- Osasuna: material genetikoa kodetzea, gure genotipoarentzat egokienak diren dieta edo elikagaiak identifikatzeko, edo gaixotasun kronikoak eragin ditzaketen gene jakin batzuk nola edo zergatik aktibatzen diren jakiteko; tratamendu berriak aurkitzea eta gaixotasunak, hauen sorburuak eta hedapen-ereduak hobeto ulertzea; gaixotasunen epidemien eta agerraldien bilakaera kontrolatzea eta iragartzea
- Kirola: kirolari irabazleen estilo eta ereduen zehaztapena, kirol errendimendua hobetzeko; kirolarien jarraipena lehiaketaz kanpo, nutrizioa, prestakuntza fisikoa, loa, edota sare sozialetako hartu-emanak gailu adimendunen bitartez monitorizatuz, bere ongizate emozionala kontrolatzeko
- Sektore publikoa: hobekuntzak errendimenduan eta zerbitzuetan; ahulezien, iruzurraren eta funts publikoen bidegabeko erabileraren detekzio automatikoa; datu-filtrazioen detekzioa; jarduera kriminalen eta ereduen detekzioa; azpiegituren errendimendua; herritarren kexa eta kezken aurreikuspena
- Finantza zerbitzuak: balioen salerosketarako erabaki-hartzeetan zehaztasunen areagotzea eta arriskuen gutxitzea; aukeren aurreikuspena; iruzurraren detekzioa…
Video: https://www.youtube.com/watch?v=Rx5JmqnsGy8&feature=emb_logo
(iturria: podcast Industria 4.0)
